Estrategia de Cohesión Territorial y Social

Lurralde eta Gizarte Kohesioaren Estrategia

Espacio en blanco

   

Cohesión territorial

Lurralde eta Gizarte Kohesioaren Estrategia Nafarroako Gobernuko departamentu guztien arteko adostasunetik sortu da, gizarte kohesionatuagoa, orekatuagoa eta oparoagoa lortze aldera aurrera egiteko. Estrategia honek, batetik, lurralde-alderdia batzen du, eta hor Foru Komunitateko zona ezberdinak bultzatzea izango da helburua, despopulazioa arinduaz; eta, bestetik, alderdi soziala, pobreziari eta desberdintasunei aurre egiteko eta biztanleria osoaren ongizatea lortzeko bidean aurrera egiteko.

Lurralde eta Gizarte Kohesioaren Estrategian 49 proiektu jasotzen dira, hamar bat departamentu buru dituztela, eta, horretarako, 1.500 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo da:

✔ Lurralde Kohesioa 
Zazpi proiektu zuzenduko ditu, 850 milioi euro inguruko aurrekontuarekin. Tartean nabarmentzekoak dira NAVanza Plana, herri eta hiri erresilienteak eraikitzeko, eta Nafarroaren garapenerako funtsezkoak diren hainbat azpiegitura; esate baterako, Nafarroako Kanala eta N-121-A errepidearen hobekuntza, Iruña Behobiarekin lotzen duena.

✔ Osasuna 
Osasun-arloan lau proiektu nagusi aurreikusi dira, 240 milioi euroren truke, eta tartean nabarmentzekoa da ospitaleko osasun-laguntzako zerbitzuak, osasun mentalekoak eta osasun publikokoak gehitzea.

✔ Garapen Ekonomikoa eta Enpresariala 
100 milioi euro aurreikusi dira Nafarroara enpresa berriak erakartzera eta ekintzailetza bultzatzera bideratutako zazpi proiektutarako.

✔ Hezkuntza 
Kontuan izanik Hezkuntza funtsezkoa dela elementu integratzaile moduan, Kohesioaren Estrategiak 183 milioi erabiltzea aurreikusi du hezkuntzako azpiegiturak hobetzeko eta erreminta digitalak sustatzeko.

 ✔ Eskubide Sozialak
89 milioi euro erabiliko dira iraupen luzeko zaintzak birbideratzeko, biztanleriaren zahartze-joera kontuan hartuta, eta horrekin batera, gizarte-zerbitzuak indartzea eta Historia Sozial Elektroniko Bakarra jartzea bultzatuko da.

 ✔ Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentua 
Estrategian 37 milioi euro aurreikusi dira autonomia erkidegoen sarea abian jartzeko, emakumeen aurkako indarkeriari, pertsonen salerosketari eta sexu-esplotazioari aurre egite aldera. Horrez gain, harrerako baliabide berriak bultzatu nahi dira. 

✔ Kultura eta Kirola
Nafarroako Kulturaren ikus-entzunezko Hub bat eta Gune Teknikoa abian jartzea dira Kultura eta Kirol Departamentuak zuzenduko dituen bi proiektu handi, eta, horiek finantzatzeko, 33 milioi euro izango ditu.

✔ Lurraldearen Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoak
Departamentu honek jorratuko dituen kohesio-ekimenen artean aipatzekoak dira Nafarroako iparraldeko zona bultzatzea, Pirinioetarako Planaren bitartez, eta Artzibarko Jauregia birgaitzea. Gainera, iraunkortasuna sustatu nahi da Allotzen eta landa-inguruneko mugikortasunean. Hori guztia 17 milioi euro inguruko aurrekontuarekin egingo da.

✔ Herritarrekiko Harremanak
16 milioi euro inguruko inbertsioarekin, Nafarroako Bizikidetzaren Plan Estrategikoa eta Euskararen II. Plan Estrategikoa abian jartzea aurreikusten da. Halaber, Rozalejoko Markesaren Jauregia birgaitu nahi da, Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza gisa. 

✔ Migrazio Politikak eta Justizia
Kohesio Estrategiaren barnean, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurka Borrokatzeko Plana landuko da, etorkinen artean Nafarroako hizkuntza ofizialak ikastea sustatuko da, eta zigorrak betearazteko eredu berria ezarriko da Foru Komunitatean. Horretarako aurreikusitako aurrekontua 4 milioi eurotik gorakoa da.